Carloz Núñez, Izarkide hori
Duela hiru urte bera ikus eta entzuteko parada izan nuen. The Chieftains -ek jotzen zuten eta emanaldian bertan aurkeztu ziguten galizian topaturiko gazte hiletsu bat. Esan beharra dut mementu hartan atera zenean txikiturik, kikildurik, antzematen zitzaiola irlandarren ondoan. Taldekideak ez ziren edonor. Historiak bazuen bere pisua eskenatokian eta hasi berrikoak nabaritu ere, egin zuen. Halaz ere, musika egiten hasi orduko, hatzamar luze horiek higitu eta dizdira berezia agertu zen. Hor, juxtu, maisuekin batera bere figura nabarmentzen joan zen eta berehala ohartu ginen geroaren puxka baten aurrean geundela.... eta azaldu zen moduan hanka egin zuen. Hasikera baizik ez zen izan. Eskerronez. Esan bezala, Getxoko Fadura Kiroldegian egonen zen. Ongi. Telefonoa
hartu eta lagun bati deitu.
Estraineko saiakeran, huts. Geroxeago beste lagun batez oroitu eta
prozesu berari eutsi nion.
Fadurara abiatu ginen. Eseri eta Hiru Truku taldea hasi zen Bizkaiko hainbat tokitatik bilduriko kantekin. Lasai eta sakon. Aintzintasunaren kutsu bat zegoen airean eta akomodatzen hasi ginen. Ordu hortan, gaua jaio berria genuela, iluntasunak eta eskenatokian sartzen ziren argitxu gorriskek laguntzen ziguten Morfeoren jolaskide izaten. Baina amaitu zen hasi zen bezela, zarata egin barik... eta jalgi ziren. Gure aurrean azaldu ziren Carlos-en taldekideak instrumenduak eskuratu eta puntuan jartzen hasi ziren estropozo bat edo beste sortuz. Hamar bat minututan eman zuten prestatzen. Bitartean azaltzen zen gure protagonista, gaita hartu, putz egin, honekin mintzo, besteari so. Eta iluntasuna nagusitu zen berriz ere. Atera ziren eta kontzertuari eutsi zioten agurtu barik eta bapateko zalapartak hartu gintuen. Azkar, ea bortizki. Zortzi musika jole eta hamaika lagun harmailetan. Bukatutakoan eta ahazturiko arnasa hartu eta gero parkamenak eskatu zizkigun. Momentuan zela ordu bat edo Galiziatik etorriak zirela eta instrumentuak probatzeko betarik ez. Parkatuak izan bitez, beraz. Jarraian kontzertuaren "korpus"ean murgildu ginen eta azkar asko ohartu ginen beste mundu batera eroaten ari zitzaizkigula. Zortzi ziren orotara. Aipamen berezia merezi dute horietako bik; batetik Carlos Núñez-en anai txikiak, Xurxok, bodhran eta atabal joleak eta bestetik Laura bibolinjoleak. Biak oso gazteak baina ez inozo beraien zereginetan. Zur ta lur laga gintuzten. Ekarri zuen ere, antzaz, musika mota honekin zerikusi eskasa duen beste musikari bat: Rafael Riqueni, kitarra flamenkoa jotzen zuen. Argi dago, hor nonbait, aintzineko dogma itxiak hauskor bihurtu nahian badabilela gure galiziarra. Bitxikeriak ez dira honekin amaitzen. Euskal Herrian egonik ezin falta hemengo ordezkoren bat; eta, nola ez, nor egokiago Kepa Junkera baino? Azken aldi honetan Kepa dugu musika keltiarraren ezinbesteko lekukoa. The Chieftains-en azkenengo lanean dute kolaboratzaile, "Santiago" lanean, hain zuzen,baita gure Carlos-en ekoizpen honetan, "A Irmandade das Estrelas" ere. Eta bera agertu zen pare bat piezetan. Sinbiosis ederre, bai jauna. Holan jarraitu zuen kontzertu hau. Birritan atera behar zuen gure druida galiziar honek, publikoen txaloek hala behartu zuten; ez zuen inork, ez, etsi nahi, gauak gazte zirauen eta hanka egiteko gogo handirik ez. Baina amaitu zuen kontzertuak, baina gaitaren soinuak gure baitan zeuden, argi magiko bat bailitzan, eta gure aurpegian irriño konplizea eragiten zuena. Keltiarren arima gurekin bat.
|